gure Faceboock bisitatu

Kontrasteen atmosfera

 

Mugaldekoak taldeak 'Begiak lekuko' diskoa kaleratu du, munduko testu eta doinuen antologia «txiki» bat

 


Zelaieta, Garcia, Sorzabalbere eta Goietxe Mugaldekoak taldeko kideak, atzo Donostian. / ANDONI CANELLADA / ARP

Literatura eta musika uztartuz, eta konbinazio horri «artisau ukitua» emanez, Begiak lekuko disko-liburua kaleratu du Mugaldekoak taldeak, Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin. Edu Zelaieta taldekide eta idazleak badaki haien «apustua» ziurrenik minoritarioa dela, «baina estimatua izango da bere txikian». Maite duten zenbait autorerengana jo, eta nola jatorrian hala estiloan «oso ezberdinak» diren munduko testu eta doinuen antologia «txiki bat» egin dute. «Autoreen arteko kontrasteak oso handiak dira». Bada, esaterako, Bob Dylanen Let Me Die in My Footsteps-en bertsio bat, edo Wilsawa Szymborska poeta poloniarraren testu baten gainean ondutako abesti bat. Munduan zehar egindako bidaia baten ondorengo inpresioekin sortutako «begirada, giro propioa» da Begiak lekuko, doinuen oinarrian AEBetako blues eta countrya dituena, baina bidaiaren kontrasteen atmosfera bat sortzen duena.

Bidaiatu ondoren pilatu, eta atzera desegin eta antolatutako puskekin osatutako atmosfera hori partekatzeko gonbidapena egin dute Mugaldekoakekoek haien bigarren diskoan —2006an Biziago sentitzeak... atera zuten Gaztelupeko Hotsak-ekin—. Hortik dator diskoaren izena, hain zuzen, Zelaietaren esanetan: «Munduan barrena ikusitakoak ez dira begietatik bakarrik biltzen; baina begietatik sartutako hainbat istorio edo kontu ere ekarri nahi ditugu euskarara, Euskal Herrira». Izan ere, eta haren iritziz, ikusten duguna bizi dugu, «eta begiradek ikusten dugunaren berri ematen digute».

Dena dela, diskoko hamabost abestiak, den-denak, ez dira kanpoko idazle edo musikarien lanen bertsioak. Badira Berakoek (Nafarroa) sortutako piezak eta testuak: Begiak lekuko, Gogoan izan aberriak eta Itxuraz txikia dena, esaterako.

Euskarara ekarritako «musika bildumatxoa» da, Beñardo Goietxe gitarra jotzailearen esanetan, «folkean oinarritu arren, estilo nahasketa izugarria duena». Europako ahaireen egokitzapena ere egin dute, Vashti Bunyan ingelesaren Rose Hil November-ekin edota Jose Alfonso portugaldarraren Cantigas do Maio-rekin, adibidez. «Konturatu gara abesti gehienak 60ko edo 70eko hamarkadakoak direla». Marseillako aldirietako jai giroak dakartzan Moussu t e lei Jovents-en Lanaren kantua da berriena. Zaharrena, berriz, joan den mende hasierako AEBetako kanta herrikoi bat, Old Joe Clark, diskora Zakur arra eta ehunzangoa bezala ekarritakoa. Eta tartean, Conjunto Bernal mexikarren rantxera bat, Johnny Cashen Folsom Prison Blues, Leonard Cohenen Bird on a Wire, edo Nazim Hikmet poeta turkiarraren poema euskaratu bat. Goietxeren ustez, haien gustura egindako bilduma da, «baina ehunka egin zitezkeen».

Ukitu teatrala

Zuzeneko emanaldiei, gainera, «ukitu teatrala» emango diete. 80-85 minutukoak izango dira. Zelaietak dio giro bat sortu nahi dutela, «begiraden bitartez sortzen den konplizitatea lortu». Raul Garcia hainbat instrumenturen jotzaileak—ukelelea, banjoa, harmonika, xilofonoa...— argitu du ukitu intimoko «presentzia lan bat» egingo dutela, atrezzo txiki batekin «eta tartean ardoa dela». Oraingoz, Larrabetzuko Literaturia jaialdian (Bizkaia) eta Guardian (Araba) emandako emanaldietan «esperimentatu» dute. «Kontzertuz kontzertu ikusiko dugu norantz jotzen dugun». Gasteizko Elkar dendan arituko dira bihar, eta Donostian eta Baionan ere lotu dituzte emanaldiak, bidaiaren kontrasteen atmosfera sortzeko.