gure Faceboock bisitatu

Mugaldekoak: munduko musika eta hitzen antologia, folk, rock, country eta bluesa-ren doinuez

Gehiegi entzun ez, baina gehienetan gustura entzuten dugun musikaz aurkeztu dute euren bigarren diskoa: «Begiak lekuko». Gustuko dituzten munduko musikari eta idazle edo olerkariekin osatu dute, gurera, euskarara ekarrita. Mugaz honakoak dira baina haratago sortzen diren sortzaileekin estraperloan aritu dira, lan biribila plazaratuz.

Fausto Berazadi

 

 

 

 

 

 

 

Mugaldekoak talde osoa, Larun mendia atzean dutela. Berako paraje hauetan grabatu zuten "Zakur arra eta ehunzangao" abestiaren bideoklipa, Joseba Larratxe "Josebixky"-ren gidaritzapean.

 

 

Beran, non bestela? Erratzun, Xorroxingo ur jauzietan munduratzen den Bidasoa ibaiak zeharkatzen ditu Baztan eta Bortziriak, azkenik, Txingudiko badian itsasoratzeko, aurrez Lapurdi ferekatuta. Bi aldeen arteko muga markatzen du Bidasoak, arrotzek inposatutako muga zaharra, Euskal Herriko erdigunetik bi pausora dagoen arren. Beran bada, Bidasoaren bazter batean bildu gara Mugaldekoak taldearekin. Edu Zelaieta idazle gasteiztarrak eta euskal musikaren baitan ibilbide oparoak dituzten Raul Garcia, Beñardo Goietxe eta Mattin Sorzabalberek osatzen dute talde mugalaria; azken hirurekin egin dugu hitzordua. Edu Zelaieta berak idatzi zuen "Mugaldekoak" (Susa, 2004) olerki liburuaren haritik sortu zen esperientzia hau. Olerki haiek jendartean aurkeztu eta musikatzeko intentziotik hasi ziren talde gisa estraperloan. Bi urtera iritsi zitzaigun lehen lana, 2006an: "Biziago sentitzeak dakarren muga inguruan" (Gaztelupeko Hotsak). Lan hartan Jordi Serra eta Mikel Errazkin batu zitzaizkien, muga ezberdinetatik haratagoko oholtzetan aritzeko.

Sei urte igarota plazaratu berri dute bigarren lana, "Begiak lekuko" (Gaztelupeko Hotsak), beti ere folka oinarri hartuta, nahiz eta rock, blues, country eta antzerakoen zertzelada ugari nabaritzen diren. Diska berezia da, zinez. Bertsio diska bat, gehienean. Atsegin dituzten idazle zein olerkarien hitzak jaso dituzte. Han eta hemengoak, antologia moduko bat egiteko. 1996an Literatura Nobel saria irabazi zuen eta aurten zendu den Wislawa Szymborska poeta poloniarra, Nazim Hikmet turkiarra, Margarita Robleda ipuin kontalari eta olerkari mexikarra... Era berean, hainbat musikariren abestiak hautatu eta euren ukitu mugalariekin aurkeztu dituzte. Tartean dira Leonard Cohen, Bob Dylan, Vashti Bunyan, Jim Beloff, Conjunto Bernal, Jose Afonso, Johnny Cash, besteak beste. Hori guztia, zuzeneko "berezi" batekin aurkeztu nahi dute, gidoi prestatu bat izango duen aurkezpenarekin.

Baina ez da bertsio disko bat izatera mugatzen. Egiari zor, euren kantu batzuk ere sartu baitituzte diskoan. Mattin Sorzabalberek, garai batean "Kortatu" taldean aritutakoak, kontrabaxua, soinu txikia, txirula eta txalaparta jotzen ditu. Bere ustetan, "ez da ohituta gauden gisako disko bat. Ez da entzuteko disko bat bakarrik. Helburua ez da disko musikala sortzea, musikaz hitz egitea baizik. Ikuskizun txiki bat proposatzen dugu oholtzara igotzerakoan; musikaz eta olerkiaz gozatzeko. Diskoa bera ere ezberdina da, ez da musikala bakarrik, olerkiek badute beren pisua. Hitzak irakurtzea eskatzen du, disko eskuetan hartu eta literaturari eskaintzen diogun zatia irakurri eta entzutea. Diskoa osatzeko marrazki batzuk egin ditu Mathilde Bruggiere-Gardek, eta diskoaren liburuxka bete dute, abestiak kokatzen lagunduz. Era berean, aurreko diskoak udaberriko kutsua baldin bazuen, oraingoan udazkean kokatu dugu diskoa», adierazi du Mattinek.

Edu Zelaietaren (testuak, gidoiak eta irakurketak) faltan, Beñardo Goietxek (gitarrak, bozak eta irakurketak) zati musikala eurek atondu dutela aipatu du. «Asmoa literatura eta musika uztartzen dituzten munduko musikariak biltzea izan da. Literaturaren parteaz Edu Zelaietak osatu du. Zati musikala guk egindako bildumatxo bati dagokio. Gure ekarpena, azken finean, gustuko ditugun literatura eta musika euskarara ekartzea izan da. Hala ere, badira pare bat abesti guk eginak», aitortu du Goietxek.

Zuzenekoei garrantzi handia eman nahi dietela azaldu dute Sorzabalbere, Goietxek eta Garciak. Horretarako gidoi bat osatu dute, oholtza gainean gorpuztuko dutena. «Bidai bat proposatzen dugu», dio Garciak. «Exijentzia bat badugu emanaldiei begira, lan asko egin baitugu diska honetarako. Horretarako, badugu eszenografia bat: hasiera, garapen eta irteera batekin», agertu du.

Goietxek berak ere emanaldiei garrantzia emate aldera Garciak esandakoa azpimarratu du, «diskoan ageri den kopia antzeztu bat eskaini nahi dugu. Opera txiki baten antza izango du, opereta moduko bat», aipatu du Goietxek, kideengan barre batzuk sortaraziz. «Operak gidoi bakarra duen arren, halako zerbait izan ahal da. Munduko musika zein literaturaren atal hautatuen inguruan bidaia bat da», jarraitu du Goietxek.

 

 

 

 

 

 

 

 

Raul Garcia (banjoa, ukelelea, harmonika, zerra musikala, triangelua, kalimba eta boza), zuzenekoari garrantzia ematearen inguruan mintzatu da. «Bakoitzak, musikalki, erregistro bat badugu, propioa. Hala ere, eta zuzenekoei begira, erregistro horien elkartrukea edo aldatzea planteatzen dugu. Zergatik ez? Bada, zuzeneko ikuskizun horretan, bakoitzaren rolak edota eginkizunak aldatzen ditugu. Beñardo irakurtzen hasi daiteke, ni kantari... zuzenekoan bakoitzaren papera nahasten saiatuko gara. Zuzenekoak garrantzi handia du», saiatu da esplikatzen Garcia.

Bakoitzaren iturri ezberdinak aipatu ditu Garciak. Diskoan ere hori igartzen dela aipatu dute hirurek. «Ez dugu folk soila egiten, beste hainbat estilotan sar-tzen baikara», dio Sorzabalberek.

Era berean mintzo da Goietxe beratarra: «Badugu kantu bat rock aldera eraman duguna, hain zuzen. Gitarra zikinak erabiliz Leonard Cohenen bertsio berezi samar bat osatu dugu. Kantu horrek rock kutsua ematen dio diskoari», azaldu du, &softReturn;rockaren osagaia nabarmenduz. «Nahita egin dugun aldaketa bat izan da, ahotsa eta gitarra distortsionatuta. Diskoak kontraste pixka bat ere badu alde horretatik. Beste gauza bat izango da gero jendeari zer irudituko zaion bertsio edo kontraste hori...», laburbildu du Goietxek.

Komunikabideetan folkak, countryak, bluesak... duten presentziaz eta estilo horietako musikariek euren lanak plazaratzeko duten zailtasunaz zer iritzi duten galdetu ondoren serio agertu da Sorzabalbere. Gaiaren nondik norakoak eta gakoak zeintzuk diren badakizkiela erakutsi du. «Musikaren munduan egiten diren inbertsioek talde eta estilo gutzi batzuk hartzen dituzte. Inbertsio horiek, garai batean, hainbat estilo eta talde hartzen zituzten beren baitan. Gaur egungo inbertsioek saldutakoari erreparatzen diote. Bestetik, eta kantagintzari dagokionez, jende gaztea mugitzen ari da, kantu txapelketetan aurkeztuz, aintzinako kantuak abesten lagunartean... euskal kantagintzaren altxorra, iparraldeak gordetzen duela uste dut. Alde batetik emankorra baita, diskoak ematen ditu, disko politak zinez. Bestetik musikari berriak sortzen doaz, sormenari segida emanaz. Hala eta guztiz ere, euskal zirkuitu komertzialetik kanpoan geratzen dira, zabalkundea eragotziz. Honek eta egungo krisiak areagotu egiten dituzte berez dauzkaten zailatsunak. Gure herriak ez badu horretan inbertitzen, talde gutxiago eta kalitate eskasagoa izango ditugu. Argi dago», zehaztu du Sorzabalberek.

Horren inguruan, Goietxek «egun musika pila bat dago Interneten eta eskura dugu edozer musika klase, erostera iritsi gadbe. Lehen ostera, ez. Gaur egun dena jakin nahi da baina ez dago jakin min konkreturik, eta azkenean ezin da deus jakin. Lehen musika erosi behar zen eta aukeratu egiten genuen, horrek ekartzen zuenarekin. Merkataritza zentroetan gauza bera pasatzen da janariarekin. Munduko janari dena dago eta ez dakigu zer aukeratu» adierazi du, Sorzabalberek esandakoren harian.

 

 

 

 

 

 

 

 

 


 


Gaia aldatuz, eta eurek irrikaz heldu nahi dioten zatiaz solastera animatuz, diskaren errepresentazioa edo kontzertua atera dugu. Aurretik esan bezala, mimoz prestatu nahi dituzte zuzenekoak. Entzuleak ikusi, entzun, irakurri, hausnartu eta gozatzeko. «Antzoki edo lokal prestatuetan jotzeko ikuskizuna prestatu dugu, ez Bilboko jaietako txosnetan jotzeko, esaterako. Gure erregistro musikalerako leku edo momentu intimoak eskatzen ditugu. Horrek ez du esan nahi umorea faltako denik, inolaz ere», azaldu du Garciak. «Kaleko antzerkia baino, antzokiko antzerkia da gurea, ulertze aldera», amaitu du.

Zentzu horretan, Goietxek «kontzentrazio puntu bat eskatzen du gure emanaldiak. Olerkiak errezitatzerakoan, jendeak isilik aditu behar ditu, jendearekin konektatzeko, batez ere. Baina, Raulek erran bezala, espontaneitateak ere izan lezake bere lekua, sormen puntu bat, gure artean paperak aldatzerakoan adibidez...», jarraitu du.

Musikaren artisauak bailiran ikusi ahalko ditugu gure oholtzetan. Olerkiak, narrazioak eta musika, bideo eta irudien laguntzarekin, zuzenean.